Sare sozialetan jarraitzen bagaituzue, jada jakingo duzue, baina sarreratxo bat idatzi nahi genuen dena den:
NomnomNamiren AMAIERA TRAGIKOEN ANTZOKIA🎭😭 kontsoletan estreinatuko da uztailaren 10ean!!! Noski, euskaraz zein gazteleraz jokatu ahal izango dituzue kontsoletako bertsioak. Antzokia edonon ireki ahal izango duzue Switchen jokatuz gero, edo platinozko trofeoa lortu PlayStationen! (Xboxen egongo da ere, baina ez daukagu horretarako txisterik, egia esan).
AMAIERA TRAGIKOEN ANTZOKIAk garrantzi itzela dauka guretzat estudio gisa. Gure lehendabiziko itzulpena izan zen (bai gaztelerara zein euskarara), izugarrizko harrera ona izan zuten bi itzulpenek, eta euskal bideojokogintzaren mapan jarri gintuen. Hein handi batean, orain arte lortu dugun guztia joko honi zor diogu, gure ibilbidearen hasiera izan baitzen. Eta Namiri, nola ez.
Baina AMAIERA TRAGIKOEN ANTZOKIA ez da guretzat bakarrik garrantzitsua! Izan ere, gure hizkuntzara heldu zen lehendabiziko nobela bisuala izan zen, genero guztiz berri bat euskarara ekarriz. Aurrekaririk gabeko gertakizuna izan zen hau: izan ere, Espainiako garatzaileek ez ohi dituzte haien jokoak euskaratzen, eta kanpotarrek, are gutxiago. Baina NomnomNami estatubatuarrak gure hizkuntzaren aldeko apostu handia egin zuen joko honekin eta, hari esker, euskaraz parekorik ez daukan esperientzia batez gozatu dezakegu orain. Zaleek egindako euskarapenak oso garrantzitsuak diren arren, garatzaile batek bere jokoa euskarara itzuli nahi izateak eta horren truke profesionalei ordaintzeak euskara maila berri batera altxatu zuen. Bigarren mailako hizkuntza ez dela eta gure lanak balioa daukala frogatu zuen. Eta hori bikaina da guztiontzat.
Mila esker guztioi bihotz-bihotzez joko hau eta bere itzulpenak babesteagatik. Iruzkinak jaso ditugu sare sozialetan, analisiak irakurri ditugu eta Twitcheko emankizunak ikusi ditugu. Zuei esker, Basajaun Games-ek hasiera bikaina izan zuen, eta gure bezeroak gutaz fidatzen dira hitz polit guzti horiek irakurri ditzaketelako.
Goza ezazue AMAIERA TRAGIKOEN ANTZOKIAz!

Pingback: AMAIERA TRAGIKOEN ANTZOKIA joka ezazu kontsoletan… oraintxe bertan! – Basajaun Games