Ireki dugu!

Beste ezer baino lehen, aurkezpenak: ongi etorri Basajaun Games-en webgunera! Asko kostatu zaigu, baina azkenik aurkeztu dezakegu gure txoko txikia interneten.

Ea, has gaitezen oinarrizko gaiekin. Agian, webgune hau aurkitu duzu guri buruz ezer jakin gabe; beraz, konpondu dezagun hori. Basajaun Games Bilbon egoitza daukan bideojoko garapen eta itzulpen estudio bat da. Baina gure taldea txikitxoa izan arren, mundu osoko jendeaz osatuta dago!

Gaur egun, gure lehendabiziko joko originala garatzen gaude. 2020tik gabiltza lanean, baina, errekurtsorik ia ez daukagunez, garapena oso, ooooso motela izaten ari da. Dena den, gauzak behar bezala baldin badoaz, printzipioz aurten iragarri ahal izango dugu. Gu bezain zirraratuta egongo zaretela espero dugu!

Hala eta guzti, bideojoko bat garatzea OSO garestia da kontuan hartzen duzunean soldata duinak ordaindu behar ditugula. Hortaz, garapena finantzatzen dugu besteen jokoak itzultzen, bai gaztelerara zein euskarara. Katalogo handia daukagu dagoeneko (eta oso famatua den telesaio bat aurkitu dezakezue bertan): nahi baduzue, emaiozue begiratu bat. Altxor ugari daude bertan, eta gogoz lanean jarraituko dugu are kalitatezko joko gehiago ekartzeko kalitatezko itzulpenekin! (Portzierto, hemen baldin bazaude gurekin lan egin nahi duzulako zure jokoa itzultzeko, begiratu gure Harremanaterako orrialdea).

Orain arte, gurekin hitz egin dugu eta gure proiektuak iragarri ditugu sare sozialen bidez. Hori ez dago txarto, eta zure plataforma gogoenetan jarraitu gaitzazuela arren eskatzen dizuegu oso erosoa baita (haiek erabiltzen jarraituko dugu!), baina, pixka bat hasi garenez eta hainbat proiektu dauzkagunez bizkarrean, gure base propioa behar genuela sentitzen genuen, kanpoko inorren kapritxoen menpe ez dagoena. Hori da, hain zuzen ere, webgune honen zeregin nagusia: gure porfolioa ikusteko eta zuekin harremanetan egoteko era sinple bat egotea, gehienbat sare sozialetarako egokiak ez diren moduetan. Blog sarrera luzeak, adibidez, edo baita lan-eskaintzak ere gure taldera batu ahal izateko! (Baina ez, ez gaude inoren bila oraintxe bertan. Barkatu!)

Taldearekin lotuta, gure logo harrigarria Pedro Iglesias gure lagun onak diseinatu zuen. Jarri zaitezte berarekin harremanetan zuek ere logoren bat behar baduzue!

Eta, ildo horretatik jarraituz, erantzun beharreko galderarik garrantzitsuena zera da…

Zergatik basajaun?
Beste hizkuntzetan idazten egon naizenean, basajaunei buruzko informazioa eman dut. Baina, tira, hau irakurtzen gabiltzan guztiok euskaldunak gara. Ez dut uste mota horretako azalpenik behar dugunik. 😆

Funtsean, basajaunak beldurra eman dezaketen izaki erraldoiak eta indartsuak diren arren, haien ezaugarri nagusia zuzena dena egiteko, inporta zaiena babesteko eta ezberdinak direnekin adiskidantzazko loturak sortzeko gogoa da.

Basajaun Games mundu osoko jendeaz osatutako estudio bat da, eta gutako bakoitzak bere oinarri kultural propioak ditu, baina guztiok partekatzen dugu espiritu bera. Hemen gaude, mota guztietako jendearekin lan egiten eta hitz egiten, bai haien zein gure istorioak errespetu guztiz kontatu ahal izateko, joko-esperientzia dibertigarri eta gogoangarriak sortzen saiatzen garen bitartean.

Uste dut hau nahikoa dela oraingoz. Noski, galderarik izatekotan, gurekin harremanetan jarri zaitezkete inolako arazorik gabe. Sare sozialak erabili ditzakezue (ia-ia leku guztietan gaude: Twitter, Mastodon, Bluesky, Tumblr, Instagram, Facebook eta Linkedin), gure harreman-inprimakia edo emailak.

Primeran pasatu dezagun! 😊