TRUE LOVE’S CURSE, gure kolaborazio berria npckc-rekin!

TRUE LOVE’S CURSE Steam-era helduko da uztailaren 13an, eta, berriz ere, npckc-ek gure esku utzi du gaztelerazko itzulpena! Mila esker!! 💟

TRUE LOVE'S CURSE jokoaren irudi promozionala

Nobela bisual honetan, maitagarria zein ikaragarria, benetazko maitasunezko musu batek baino apurtu ezin ditzakeen madarikazioak prestatu ahal izango dituzue.

Bezero misteriotsu batek zure dendatik pasatzen da eskaera oso bitxi batekin, baina zure esku dago bere beharretara moldatuko den edo bere amets eta itxaropen oro hondatuko dituen madarikazio bat prestatzea…

Steam-eko orrialdea erabilgarri dago jada; beraz, sartu zuen desira-zerrendan interesgarria iruditzen bazaizue. 🙏

https://store.steampowered.com/app/4733520/TRUE_LOVES_CURSE

npckc eta Basajaun Games-en arteko harremana

Behin baino ez bada ere, espero dut ilusio hau apurtu eta alde batera utzi ahal izatea orokorrean erabiltzen dudan plural lauso hori. Plural horren helburua da argi uztea Basajaun Games talde bat dela, baina orain idatzi behar dudana, zentzu askotan, erabat pertsonala da, eta uste dut hori galduko zela lehen pertsonan hitz egin ezean.

Beraz, beste ezer baino lehen, aurkeztuko naiz. Kaixo! Gabriel naiz, Basajaun Gamesen zuzendaria. Web orrialde honetan ikusi ditzakezuen joko guztien itzultzailea naiz ere, baina, proiektu propioak garatzeko orduan, talde bat gara. Ez dut guztia nire kabuz egiten, inondik inola ere. Hala ere, horrek ez du garrantzirik oraintxe bertan.

Orokorrean, blog sarrerak ez ditut euskaratzen jokoa euskara ere ez badago, eta TRUE LOVE’S CURSE, zoritxarrez, gaztelerara baino ez dugu itzuli. Baina, kasu konkretu honetan, euskaraz ere idatzi nahi nuen, hau baita npckc-rekin egiten dudan lanari buruz hitz egiteko aurkezten den lehendabiziko aukera ona, eta hori zirraragarria da.

Denbora asko igaro da npckc eta biok elkarrekin lan egiteko izan genuen azken aukeratik; beraz, zoragarria da berriz ere kolaboratzeko aitzaki bat aurkitu izana. Gure azken proiektu ofiziala you’re just imagining it itzela izan zen, 2024ko azaroan estreinatu zena. Aspaldiko! Eta hori ere euskaratu gabe geratu zen, zoritxarrez…

Hala ere, geroztik, elkarrekin lan egiten jarraitu dugu, noizean behin eta proiektu txikitan izan bada ere. Adibidez, A TAVERN FOR TEA jokoaren Latinoamerikako bertsioari zuzenketa batzuk egin nizkion eta, modu berean, A YEAR OF SPRINGS-en DLC-aren Steameko deskribapena itzuli nuen ere gaztelerara, 2026ko maiatzean estreinatu zena jokoaren 5. urteurrena ospatzeko. Kolaborazio txikitxoak dira eta hobe da haiek webgunean ez aipatzea jendeak ez pentsatu dezan Basajaun Gamesek itzuli dituela joko horiek. Baina, dena den, polita da beti npckc-rekin lan egitea!

A YEAR OF SPRINGS jokoaren irudi promozionala, npckc garatzaileak sortutakoa.

Baina npckc-k asko lagundu nau niri ere, bai arlo profesionalean zein pertsonalean. Basajaunen lehendabiziko proiektu originala, oso laster iragarri nahi dudana/duguna —urteak eta urteak daramatzagu hori esaten, baina ORAIN EGIA DA—, ez litzateke izango gaur egun dena npckc-rengatik ez balitz. Egia esan, Basajaun Games ere ez litzateke berdina izango harengatik ez balitz. kc lagun zoragarria da, beti laguntzen eta animatzen nauena, eta, hari esker, bestela ezinezkoak izango liratekeen gauzak lortu ahal izan ditut. Aipatu behar da ere beti bidaltzen dizkidala oparitxoak Tokyo Game Show-etik berak nahi duelako, eta bazkaltzera gonbidatu ninduela Japonia bisitatu nuenean 2025ean. Pertsona bikaina da, eta zorte handia dut nire laguna dela esan ahal dudalako.

Harreman pertsonal zoragarria daukat gure bezero askorekin; adibidez, NomnomNami, Crescendo edo Alblunen mutilak. Baina gaur npckc-rengan jarri nahi nuen arreta. Asko zor diot, zerrendatu ditzakedan baino askoz gauza gehiago, eta ez daude behar beste hitz hari eskertzeko nigatik egin duen eta egiten jarraitzen duen guztia. Eta dezente kostatzen zait berez nire sentimenduak adieraztea! Baina, behar beste hitz ez badaude ere, uste dut hitz batzuk egon behar direla, behintzat. Eta, horregatik, idatzirik utzi nahi nuen guzti hau.

kc, mila esker zure adeitasunagatik, zure eskuzabaltasunagatik, zure laguntzeko gogoagatik eta nigan beti jartzen duzun konfiantzagatik. Berdin dit zer esan behar duzun: hurrengoan, nik gonbidatuko zaitut bazkaltzera. ⭐