LOOKING INWARD, euskaratutako lehen rol-jokoa!

Gaur, 2026ko azaroaren 7a, Basajaun Gamesen historiako egunik garrantzitsuenetakoa da. Hiru arrazoi nagusi daude horretarako, eta hona hemen bigarrena.

Historian lehenengo aldiz oker ez banago, estilo klasikoko rol-joko bat ofizialki euskaratu egin da. Eta rol-joko hori Looking Inward da, Crooked Beakerrek garatutako abentura introspektibo zoragarria. (Eta, bai, gazteleraz ere eskuragarri dago. Bestela, ez nuke sarrera hau gaztelerara itzuliko, denbora pila behar da eta horretarako!).

Earthbound edo Shin Megami Tensei frankizia bezalako klasikoetan, zein Undertale bezalako gaur egungo jokoetan, inspiratutako txandakako rol-jokoa da Looking Inward. Esploratu zure psikeak sortutako mundu bat, hausnartu zergatik kolapsatzen ari den guztia eta, agian, zuri buruz gehiago aurkituko duzu bidean.

Looking Inwarden irudi promozionala.

Violeten konpromisoa

Crooked Beaker ezizenaren atzean dagoen pertsona Violet da, programatzaile eta artista estatubatuarra. Berarekin harremanetan jarri nintzenean bere jokoa gaztelerara eta euskarara itzultzeko ideiarekin, Violeten berehalako erreakzioa entusiasmoz beteta egon zen. Looking Inward itzultzea ideia erakargarria izan daiteke berez, baina gehien harritu ninduena izan zen erakutsi zuen ilusioa euskarari buruz hitz egin nionean. Minutu gutxi batzuetan, hizkuntza honi buruz sekula entzun ez izanetik —harritzekoa ere ez dena— bere RPG apala historiako lehen ofizialki euskaratutako rol-jokoan bihurtzeko berebiziko gogoa izatera pasatu zen. Berarentzat hain garrantzitsua eta berezia den proiektu bat izanik, berezia izateko arrazoi berri bat izatearen ideak oso harro sentiarazi zuen. Eta, besterik gabe, lanean hasi ginen.

Baina arazo txikitxo bat zegoen: berak ez zuen sekula jokoa itzultzearen ideia planteatu, eta proiektua ez zegoen batere prest hizkuntza ezberdinak izateko.

Hamaika arrazoiengatik, prozesua luzea eta pentsatu baino askoz zailagoa izan zen. Askok amore emango lukete bigarren edo hirugarren arazoarekin topo egiterakoan, esfortzuak merezi ez zuela pentsata, baina Violetek ez zuen inoiz etsi. Horren ordez, bidean aurkitu zuen oztopo bakoitza erronka gisa hartu zuen. Testu-sistema osoa berregin zuen jokoak hainbat hizkuntza izatea ahalbidetzeko. Letra-tipoak berriz marraztu zituen gaztelerak eta euskarak behar dituzten karaktere berezi guztiak sortzeko. Itzulpenen kalitatea sufritu ez zezan, dozenaka eszena eskuz aldatu zituen niri idazteko toki gehiago emateko. Erabiltzailearen interfazea ere aldatu, berdiseinatu eta berdimentsionatu zein HAINBAT ALDIZ itzulpen- eta testatze-prozesuan zehar dena hizkuntza guztietan arazorik gabe funtzionatzen zuela ziurtatzeko.

Egia esan, Looking Inward oso proiektu kutuna bihurtu da niretzat orain arte landu ditudan guztien artean, eta Violeten esfortzu izugarriei esker da gehienbat. Berarekin lan egitea zoragarria izan da eta jende guztia probatu dezala nahi dut. Dena ondo badoa, itzulitako demoa gaur bertan egongo da itch-en eskuragarri.

Itzulpen bat baino gehiago

Baina itzulpen berriak ez dira eskaintzen gabiltzan gauza bakarra! Guzti hau nahikoa ez balitz, Violetek lan egiten jarraitu du demoa ARE GEHIAGO handitzeko.

Demoaren zailtasuna guztiz berorekatu da, istorioko lehen atal hau kohesio gehiago eta hobeagoa izan dezan datozen atalekin.

Gainera, soinu-banda handitu eta egokitu da. Berak sortutako ezer ez duzue entzungo lehen atal honetan, baina nire Crescendo kutuna, Ciao Nonnaren sortzailea, musika-taldearen parte da orain eta etorkizunean entzun ahal izango dituzuen abesti-puska batzuk konposatu ditu. (Bai, nik aurkeztu nituen elkar, lagun bati lan berria lortzeko aukera ez baitut sekula galduko eta Crek merezi duelako).

Informazio gehiago nahi baduzue, Violetek idatzitako artikulu hau irakurri dezakezue (ingelesez bakarrik).

Jokoteknia IX

Looking Inward Jokotekniaren 9. edizioan aurkeztu ahal izatea kointzidentzia-segida polit baten ondorioa izan da. Horren harira: hau irakurtzen ari bazara argitaratu eta berehala, ekitaldia oraintxe bertan dago martxan!

Jokotekniaren 9. edizioaren poster promozionala.

Aurten, Game Erauntsia osatzen duen jendeak (et al.) ekitaldia haratago eraman dute eta euskal garatzaileoi eman digute gure proiektuak aurkezteko toki bat. Sekretu hau gaur aditzera ematea ez zen nire plana, baina Violetek eta biok erabaki genuen orain dela asko Looking Inwarden itzulpenak aurkeztuko genituela Basajaun Gamesen lehen proiektuarekin batera; hau da, KIROL: Abernuko Erregearen eragina. Biak rol-jokoak dira, biak euskaraz jokatu daitezke eta biok lan egiten dugu bi proiektuetan (Violet da KIROLen programatzaile nagusia!); beraz, zentzua zeukala uste genuen.

Gure jatorrizko ideia bi proiektuak irailean aurkeztea zen, baina ezinezkoa izan zen KIROL prest izatea. Beraz, merezi zuen azaroaren 7raino itxarotea eta Jokoteknia berritasun mordoa aurkezteko toki batean bihurtzea.

Honi guztiari (eta gehiagori) esker, errefritoen bilduma izan zitekeena oso berezia den gauza batean bihurtu da. Nire estres-maila izugarri igo da ere gauza pila prestatu behar izan ditudalako eta porrot egiteko beldurra dela eta, baina uste dut sakrifizioak merezi duela. 😆

Nobedade gehiago

Sarrera honen hasieran aipatu dudan bezala, hiru arrazoiengatik da hain berezia azaroaren 7a. Beste bi arrazoiak ezagutu nahi badituzu, botaiezu begirada bat gaur bertan argitaratu diren beste bi albisteei: lehenengoa, PANIK-i buruz, Basajaun Gamesen sorreratik euskaratzeko aukera izan dudan lehen Espainiako jokoa; eta, bigarrena, gure lehendabiziko proiektu originalari buruz: KIROL.

1 thought on “LOOKING INWARD, euskaratutako lehen rol-jokoa!”

  1. Pingback: PANIKen euskarazko itzulpena estreinatu berri da! - Basajaun Games

Comments are closed.