Gure jarrera adimen artifizialarekiko

Kaixo!

Hau idaztea nahiko etsigarria da, baina, gauzak nola dauden ikusita, beharrezkoa iruditu zaigu. Beraz, hona hemen adierazpen sinple bat, dena argi eta garbi uzteko:

Basajaun Gamesek ez du erabiltzen, eta ez du inoiz erabiliko, adimen artifizial generatiboa bere sormen-prozesuen baitan. Gure proiektu originaletan zein gure itzulpenetan ikusiko dituzuen hitz, irudi eta soinu guzti-guztiak gizakiek sortu dituzte eskuz. Ikusten ez diren gauzak ere (arte kontzeptuala, adibidez) eskuz egin dira, inolako adimen artifizialik gabe.

Adimen artifizial generatiboa izurrite bat da. Plagio hutsa. Lapurketa zitala. Biziki kutsagarria. Eta, gainera, makina baten esku uzten du gizakioi gizaki bihurtzen gaituen hori: artea eta kreatibitatea. “Adimen artifizial sortzaile” terminoa ere erabiltzen da euskaraz, baina ez dut uste sortzailea dela esan daitekeenik.

Berez, adimen artifizialak bere erabilerak izan ditzake, baina ez du lekurik gure sormen-prozesuaren barne, eta hura erabiltzea gure printzipioen kontra doa.

Noski, beste garatzaileen proiektuak itzultzen ditugunez, ezin dugu bermatu proiektu horiek adimen artifizialarik gabekoak izango direnik beti. Hala ere, badakigu gure bezero nagusietako askok AA generatiboaren guztiz aurkakoak direla: besteak beste, NomnomNami (AMAIERA TRAGIKOEN ANTZOKIA; haren malko, nire argi…), npckc (a pet shop after dark; you’re just imagining it…) edo Alblune (Squeakross: Home Squeak Home).

Alblunek egindako AA generatiboaren kontrako irudiak

Modu berean, ezin dugu bermatu erabiltzen ditugun joko-motoreek AA erabiltzen ez dutenik kodea garatzeko, ez baitugu guk sortu. Baina motor horretan sartzen dugun oro eskuz eginda dagoela bermatu dezakegu eta bermatzen dugu. Gure akatsak ere giza-akatsak dira.

Hain da garrantzitsua gai hau, non “Gu” orrialdean sartu dugu informazio hau berriz ere adierazteko eta oso garbi utzi ahal izateko. Orrialdea betiere webgunearen goialdean aurkitu dezakezue.